XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JOSE MANUEL LUJANBIO RETEGI TXIRRITA"

Umore on eta grazia handiko bertsolaria izan zen, eta batzutan, pipermin piska bat jartzekoa ere bai; adjektibo horiek, Jose Manuel Lujanbioren, Txirrita ezizenez ezagunago denaren ezaugarriak dira.

Txirritaren lehen eskolak bizitza bera, kalea eta bere aurrekoen eredubidea izan ziren; baina, beti ere, usadioa inspirazio-iturritzat hartuta.

Pertsona alaia izan zen eta inguruan zuenari kutsatzen zion alaitasun hori.

Sagardotegi nahiz tabernazalea eta bere lagunen lagun zen; halere, hitz gogorrak erabiltzeko edota arazoren bat kontatzeko ez zen duda-mudatan ibiltzen, guztien onerako beharrezkoa edo komenigarria zela uste bazuen.

Geroago Euskal Herri osoan merezitako ospea izango zuen bertsolari handia, 1860ko abuztuaren 14ean jaio zen goizaldeko hiruretan, Hernani inguruetan, Nafarroa aldera, herritik zortzi kilometrora eta Uxako Errekatik hurbil dagoen Latze edo Latze-zar baserrian.

Bere familia gipuzkoarra zen, aitaldetiko gurasoak Hernaniko Pedro Lujanbio eta Paskuala Ganborena ziren, beren seme Bautista jaio zen herri berekoak, hain zuzen.

Bautista Juana Josefa oiartzundarrarekin ezkondu zen, horrek oiartzungoa zuen aita, Inazio Retegi, Errenteriako Frantziska Iraolarekin ezkondua.

Bautista Lujanbio eta Juana Josefa Retegik zazpi seme-alaba izan zituzten; nagusiena, Josefa Inazia, 1858ko otsailaren 11n jaioa; hurrengoa, Joan Manuel Txirrita; hirugarrena, Migel Jose, 1862ko abenduaren 23koa; laugarrena, hau ere mutila, Juan Maria, 1865eko abuztuaren 4ean; bi urte geroago, Asentzi jaio zen, azaroaren 20an; 1870eko apirilaren 6an Juana Bautista eta, azkenik, etxeko gazteena, Isabel Bizenta, jaio zen, 1872ko azaroaren 5ean.

Seme-alaba guzti horiek jaio ziren baserritik elizarik hurbilenera zortzi kilometroko distantzia izan arren guztiak bataiatu zituzten; goizez jaiotakoak zazpi anai-arrebetatik bost arratsaldez bataiatu zituzten, eta arratsaldez jaiotakoak, gainerako biak, biharamunean, garaiko ohiturari jarraiki.

Haren aita Bautista oso pertsona elizkoia zen eta bera izan zen Ereñozuko eliza eraikitzen lagundu zuenetariko bat, (...).